ZESTOA HERRI IKASTETXEA Zestoako herri gunean kokatutako ikastetxe bakarra
denez, bertako eskolaketa adinean dauden neska/mutil guztiak jasotzen ditu. Baita ere inguruko auzo eta baserrietako neska/mutilak (Arroagoia, Arroaerreka, Iraeta, Lasao, Akoa, …).
Hau honela izanik, eta herria erabat euskalduna denez, D ereduko eskola bat gara eta euskara da, nagusiki, eskolako partaide guztien (irakasle, ikasle, guraso, Udaletxe,...) arteko harremanetarako erabiltzen dugun hizkuntza.
Bertan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskaintzan, 30 irakasle eta 295 ikasle dihardugu lanean bi eraikin ezberdinetan banatuta. Bata HHko 2 eta 3 urtekoa eta bestea, HHko 4-5 urtekoa eta Lehen Hezkuntza osoa.
Amara Berri Sistema da lan egiteko dugun ardatza gure ikastetxean. Sistema honetan lan egiten dugunon artean (19 ikastetxe) sare bat osatu eta elkarrekin lan egiten dugu eguneroko lanaren hausnarketa egiteko eta eguneroko lan hori nola bideratu aurrez markatutako helburuak lortzeko.